Kutxabank Taldeak 91,7 milioi euroko mozkin garbia lortu du urteko lehen hiruhilekoan, iaz garai berean baino %13,4 gutxiago. Emaitza hau horniduretara 145 milioi euro bideratu ostean lortu da, iaz urte osoan baino
ia 5 milioi gehiago. Zuzkidura hau pandemiak sortutako ziurgabetasunari aurre egiteko erreserbatu da.
Pandemiak aurrera egin duen testuinguruan, munduko ekonomiek eta petrolioaren prezioak gainbeheran izanik, finantza merkatuek eragin lazgarriak jasan ondoren eta lurrunkortasuna nagusi dela, Kutxabank Taldearen lehentasunetako bat egoera ekonomiko honek sortutako eraginak samurtzea izan da, kaudimenean, kapitalizazioan eta likidotasunean duen egoera sendoan oinarrituta.
Lan egiten duen inguruekin daukan konpromiso sozialaren erakusle, krisialdiari aurre egiteko neurri-sorta zehatza jarri du abian, eta bat egin du Gobernu desberdinek enpresen likidotasuna bermatzeko sortu dituzten neurri publikoekin.
Honela, martxoko azken hamabostalditik aurrera, 1.330 milioi euro inguru bideratu ditu familiei, enpresei eta norbanakoei laguntzeko finantzazioan. Beren eskuetan 26.000 milioi euro ipini ditu aurrez onarturiko maileguetan.